KONTSUMO TALDEAK.

BARATZA, SASKI ETA DENDAK

Jatea ezinbestekoa da eta gure eskualdean jateko ekoizten dena ezagutarazi nahi dugu. Gure erakusketaren lupa LURRAREN EMAKORTASUNA, EKOSISTEMEN ZAINTZA ETA PERTSONEN OSASUNA HAINTZAT HARTZEN DUEN EKOIZPEN adibideetan jarriko dugu.

Bertako elikagaien atzean, bertako nekazari, abeltzain eta ekoizle familiak daude. Gertutasun horrek, elikagai horiek zeinek ekoiztu dituen ezagutzeko aukera ematen digu. 

Kontsumitzaile edo erosle gisa tokiko elikagaiak non eskuratu argi izatea ez da beti erreza. Azokak ekoizleen produktuak lortzeko ohiko tokiak izan dira baina azokek egun eta ordutegi jakin bat dute eta ez da beti erraza, azoka egun, ekoizle eta kontsumitzaileek bat egitea. 

Egoera horren aurrean, ekoizle zein kontsumitzaileok elikagaiak saldu edota erosteko modu berriak bilatu behar izan ditugu. Horren adibide dira kontsumo taldeak: kontsumitzaileak talde batean bildurik ekoizleen elikagaiak lortzeko sistema edota aukera berriak. Kontsumo talde guztiak ez dira berdinak, gure eskualdean adibide ezberdinak ditugu eta ekoizle zein kontsumitzaileei elikagaiak banatzeko edo lortzeko aukera ezberdinak ematen dizkiete.

Aukeren artean, kontsumo talde dendak, baratza parte hartzaileak edota saski taldeak aurkitu ditzakegu besteak beste. Gure eskualdean ekoizle eta kontsumitzaileen artean sortutako on-line azoka bat ere badugu.

Kontsumo taldeen izaerak ezberdinak badira ere oinarri berdinak partekatzen dituzte:

  • Sasoiko produktuak izatea
  • Elikagaiak modu naturalean ekoiztea. 
  • Tokiko ekonomiaren susperketa eta tokiko ekoizleentzako bidezkoagoa den ekonomia bat, bitartekariak gutxituz eta ekoiztutakoaren etekinak ekoizlearen onurarako dira.

KONTURALTU AL ZARA GURE ETXETIK GERTU EKOIZTUTAKO EDOZEIN JAKIK BIDE ASKOZ ERE MOTZ ETA ZUZENAGOA EGITEN DUELA GURE PLATERERA IRISTEKO?

Ekoizle eta kontsumitzailearen artean distantzia txikiagoa egoteak bitartekariak gutxiago izatea edota desagertzea esan nahi du. Ondorioz, garraiorako erregai gutxiago erabiltzea eragiten du edota elikagaiak fresko mantentzeko beharrezkoa den elektrizitatea erabili behar ez izatea. Horrek produktua ekologikoagoa eta merkeagoa izatea bermatzen du. Gainera, distantziak motzagoak direnez, produktuak freskoagoak iristen dira gure etxeetara.

BIDASOA TXINGUDIKO ELIKAGAIAK